XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ura erabiltzen dugu

Gizakiok, egunero, ur-kantitate handia erabiltzen dugu.

Ura edateko, geure burua, arropak eta tresnak garbitzeko, janaria prestatzeko, eta abar, erabiltzen dugu.

Ura beharrezkoa da ospitaletan, kaleak garbitzeko, lorategiak eta baratzak bustitzeko, abereak hazteko eta industrien funtzionamendurako.

Industria batzuek ur asko behar dute.

Horregatik biltzen dira lantegiak ibaien ibarretan eta itsasotik hurbil.

Industria batzuek urtegiak eraikitzen dituzte ura biltzeko.

Erabiltzen dugun ur guztia naturatik dator; garrantzizkoa da ez kutsatzea eta behar den ura baino gehiago ez gastatzea.

Zeure eguneroko bizitzan erabiltzen duzun urak historia luzea dauka: aintzina itsasoko ura izan zen eta lurrindu egin zen Eguzkiaren berotasunagatik.

Gero hodei batean egon zen eta euri, elur edo kaskabar bihurtu zen.

Lurrera jausi zenean, parte bat erreka eta ibaietara joan zen eta beste bat lurrean sartu zen, lurpeko urak sortuz.

Geroago, berriro joan zen itsasora, ibaietan zehar edo lurrean apurka-apurka iragazten delarik.

Batzuetan, lurpeko ura berriz dator azalera berezko iturriak edo iturburuak eratuz.

Lurrinketa / Elurra / Lurpeko ura

Ura zeuk ere aurrez dezakezu, agortu ez dadin.

Hona hemen horretarako aholku batzuk:

1. Industria askok ur asko behar dute beren produkzioa lortzeko.

Beharrezko gauzak baino ez badituzu erabiltzen, industriek lan gutxiago egingo dute eta ura aurreztuko duzu.

2. Ura galtzen duen hodirik ikusten baduzu, eman honen berri, ura alferrik ez galtzeko.

3. Esan gurasoei arropak eta tresnak garbitzeko makinak beterik daudenean bakarrik erabiltzeko.

4. Ahal dela, dutxa erabili bainatu beharrean.

5. Sartu botila bete ur komuneko ontzian ur gutxiago gastatzeko.

6. Bildu barazkiak garbitzeko erabiltzen duzun ura eta erabili landareak bustitzeko.

7. Itxi txorrotak urik behar ez baduzu.

Egin iragarki-kartel bat ura aurrezteko aholku batzuk emanez.

Jarri etxean ondo ikusteko tokian, guztion artean aholkuak betetzeko.

Nola erabiltzen dira lurpeko urak?